XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Artean atea igarotzera ausartu gabe, lepoa okertu zuen apur bat, eta lipar batez bere harrapakina ikusi zuen lehendabiziko aldiz: hantxe zegoen, geldi-geldi, despatxuko mahaiaren gainean, idazmakinaren eskuin aldean, bere isats kiribildu luzea hormaraino heltzen zela, buztan luzearen bidez paretari lotuta balego bezala.

Kontuz ibili beharra zeukan, pultsua eta indarra ongi neurtu, larregi gizendutako arratoiaren itxurako karraskari beltz, distiratsu, belarriandi hari eraso egitera deliberatu aurretik.

Onena sukaldetik irten eta liburutegia zegoen aldetik eraso egitea izango zen.

Nork esaten zuen liburuek ez zutela ezertarako balio, harrapakinarenganaino hurbiltze bidean, liburutegia ezinbesteko ezkutaleku eta babesleku izango zuen.

Gogoetan ari zen bitartean, une hartantxe, pertsianako zirrikitu batetik argizpi indarge bat sartu zen salara, harrapakinaren aurrean ia liburutegiraino heltzen zen argitasun lerro zeharkako meharra marraztuz.

Orain zailagoa izango zen harrapakina ezustean harrapatzea, hurbildu orduko, bere eskuaren itzala sumatu eta oihuka has baitzitekeen, giza presentzia sumatu bezain prest, piztia ttiki, ilun eta beldurgarri hura.

Irekita zegoen zirrikitu bakar hartatik helikopteroaren zarata jasanezina heldu zitzaion.

Piztiak, ordea, ez zuen itxuraz sentitu ere egiten hots hura.

Alpargatak erantzi eta bere gorputzari itzalik sortzea eragotziz, (...)